Egun bakarragatik bada ere, Fagor Etxetresnetako San Andreseko plantan zalaparta izango da nagusi berriro ere.  Izan ere, Roger Bernat konpainia kataluniarrak remakebat egingo du Fagorreko bazkideekin, «Numax Fagor Plus» izenekoa eta 1979an Katalunian ateak itxi zituen etxetresnetako enpresa horren kasuan oinarrituta.  Datorrenasteartean, otsailak 18, goizeko 12:00etatik aurrera Fagor Etxetresnetako bazkideak hozkailuen plantan bilduko dira, eta bertan Mondragon Taldeko matrizearen ondoratzearen inguruan jardungo dute.

Esan bezala, Numaxen itxieran oinarritutako ekimena da honako hau.  Kataluniako enpresa honek 1979an itxi zituen ateak, eta garai horretako langileek diru-kutxan geratzen ziren 600.000 pezetak Joaquin Jordári ematea erabaki zuten, honek gatazka honen inguruko dokumentala ekoiztu zezan.  “Denboraren joan-etorriarekin historia errepikatu egin da, eta bi gertaerak parez pare jarri eta euren arteko antzekotasun eta ezberdintasunak ikusi nahi ditugu;  izan ere, langileen borroka ez da galtzen edo irabazten, bizirik mantendu baizik”, adierazi digu konpainiako zuzendari Roger Bernatek.  Hori dela-eta, San Andreseko plantara bertaratzen diren bazkideek dokumental hori ikusiko dute, Numaxen gatazka ere ezagutu dezaten.

Esan bezala, ekimen honetan Fagor Etxetresnetako bazkide ohiek hartu ahalko dute parte soilik eta, horretarako, Mondraberrin eman beharko dute izena,mondraberri@gmail.com helbide elektronikoan edota 668894507 telefonoan.  Izan ere, Arrasateko Egunkari Digitala ekimen honen babeslea da.  Roger Bernat konpainiak 100 bat bazkide bildu nahi ditu, “ahalik eta iritzi gehien batzeko helburuarekin”.

“Fagor Etxetresnen itxieraren ondoren, gatazka hau zein puntuan dagoen ulertu nahi dugu”, dio Bernatek.  Esan bezala, kooperatiba honetako bazkideei zuzenduta dago soilik datorren astearteko deialdia, “eurak baitira gatazka bertatik bertara bizi izan dutenak”.  Azken asteetan kooperatibagintzako eta ekonomia arloko jende askorekin hitz egin badute ere, bazkideen hitza “ezinbestekotzat” jotzen dute.

Ideiaren sorrera

Ekimen honen ideia orain direla hilabete batzuk bururatu zitzaien Roger Bernat konpainiakoei, Fagor Etxetresnak hartzekodunen lehiaketan sartu zenean.  Izan ere, bi gertaeren artean antzekotasun ugari ikusi zituzten, eta Fagorreko bazkideekin remakebat egitea erabaki zuten.  Izan ere, “kontatzea bezain zaharra da historia berridaztea, eta horrela jaiotzen dira mitoak”, dio Bernatek.

Esan bezala, konpainia honetako kideek azkenaldian pare bat bisita egin dituzte Arrasatera, eta Fagorrekin zerikusia duten era guztietako jendearekin hitz egin dute.  Honen harira, “oraindik gatazka honi buruz hitz egin nahi ez duen jende asko dago, bai enpresa barrukoa eta baita esparru akademikoa ere”, diote.  Dena den, bazkideen artean “oro har hitz egiteko prestutasun ona” aurkitu dutela gaineratzen dute, “baita oraindik Fagorren lanean jarraitzen duen jendearen artean ere”.

Arrasaten ikusitakoa ez zutela espero onartzen dute eta, gaineratzen dutenez, “oraindik ikusitako guztia ulertu ezinik gabiltza”.  Testuinguru honetan, datorren astean burutuko diren hirugarren bisita honetan gatazkaren inguruan “argi gehiago ikustea espero” dutela diote.  Dena den, horren inguruan ere zalantzak izan badauzkate, “uste baitugu bazkide askok oraindik ez dutela ondo ulertzen Fagor Etxetresnekin gertatutakoa”.

Esan bezala, konpainia honek Katalunian du jatorria, eta bertan Fagor Etxetresnen itxiera zelan bizi izan den galdetuta, Bernatek ondorengoa dio:  “Krisia hasi zenetik langileriaren artean burututako ondasunen desjabetzeek, bere sorreratik kapitalismoren ezaugarri direnak, paradoxikoki guztioi jokoz kanpo harrapatu gaitu.  Testuinguru honetan, Arrasatetik heldu zaizkigun albisteak 2008tik entzuten ari garen musika doinu gehiago baino ez dira”.

Hozkailuen plantan

Aipatu bezala, ekimen honen berezitasun nagusia San Andreseko hozkailuen plantan burutuko dela da.  Lantegi hori hainbat hilabetez itxita egon da, eta datorren astean bazkideen ahotsak entzungo dira berriro ere horma horien artean.  Hasiera batean Aretxabaletako Arkupe aretoan egitea bururatu zitzaien Roger Bernat konpainiakoei baina, bazkideen laguntzarekin Fagorreko arduradunengana jo, eta hauek “beti prestutasun handia” erakutsi izana nabarmentzen dute.

Honenbestez, gatazka honen eskenatoki nagusian bi errealitate edo prozesu jarriko dira parez pare datorren asteartean:  1979ko Numaxen itxiera, eta Fagor Etxetresnena, honakoa hau 2013koa.   “Bien artean 34 urte igaro badira ere, gertatzen denaren inguruko argibide gehiago lortzea espero dugu”, dio Bernatek.  Izan ere, konparaketa edo remake honetatik ateratzen dituzten ondorioak Montpellier, Brusela eta Bartzelonan aurkeztuko dituzte datozen hilabeteetan.

Isei Barbero / 2014ko otsailak 12, asteazkena